Testu bat

Hezkuntzan Haur Hezkuntzako irakasle moduan aritu orduko nire hausnarketak eta,nire ustez,
interesgarriak diren hainbat baliabidea (olerkiak, bideoak, web orriak,...) eskaintzen dizkizut.
Eta,ekarpenenak gure badituzu egin, hemen duzu tartea.Umeen eskola euren etxea ere.
Egin salto matxinsalto!


miércoles, 2 de mayo de 2012

Euskal literatura (II)

Aurreko baten esan nuen moduan, euskal haur eta gazte literaturan ia edozein gai lantzen da, askatasun handia du. Hemen liburuen ohiko argitalpen alea 1500-2000 bitartean dago; mota askotako erosleak daude, baina ez dago presioa edo zentzura egin dezakeen talde sendorik, eta argitaletxeetan ekonomi irizpideak badaude ere, oso sendoak dira kultur irizpideak. Honek guztiak esperimentaziorako atea irekitzen du, irudiekin, gaiekin, estiloekin esperimentatzeko aukera. Honen adibidea hurrengo gazteentzako ipuin erotikoa da:

«Urruneko erresuma batean, diru kopuru ederra zela medio, kalifa aguretu batek neskatila inuzente eta xalo batekin esposatzea lortu zuen. Urte gutxiren buruan, kalifa hil eta neskatila, ordurako emakume lirain, erresuma hartako buruzagia bilakatu zen.
Aberatsa eta xarmanta izaki, luze gabe printze, kalifa eta jauntxo asko joan zitzaizkion ezkontza eskabidea egitera. Baina emakumeak ez zuen aginte edo diru gehiago nahi, agurea ez bezalako gazte maitekor eta jostari bat baizik.
Hala gauzak, denen harridurarako, deialdi zabala egin zuen halako egunetan, halako ordutan, berarekin esposatu nahi zuten guztiak -izan pobre, izan aberats- jauregira azaltzeko. - Ea, mintza zaitezte -esan zien banaka-banaka deialdiaren egunean-. Hitz egidazue zuen bizimoldeaz, zuen gustuez, zuen lanbideaz.
Hautagaiak mila eta bat gehiago izan ziren eta denek, luze edo labur, dotore edo baldar, emakumeak agindutakoa bete zuten. Baina hark bost gazte bakarrik hautatu: suge liluratzaile bat, dantzari bat,
printze bat, artzain bat eta arotz bat. Eta haiei banan-banan bere geletara deitu zien.
Buruz buru geratzean, eskakizun bera egin zien bost hautagaiei, eta denak ala denak ere lotsatu eta kikildu ziren hitz hauek entzun zituztenean:
—Nire aurrean, ni lekuko nauzula, eta zuk gogokoen duzun moldean, gizonek bakarka atsegin hartzen duzuen moduan aritzea nahi dut -Eta neskak hautagaiak xaramelaturik zituenez, hark zer agindu, horixe beteko zutela hitz eman zuten.
Eta aurrena suge liluratzailea hasi zen. Hura leuntasunik finenaz biluztu eta, txirulaz doinu ezin lizunago bat jo bitartean, bere gerripeko sugea sigi-saga altxarazi zuen. Eta eskuez ukitzen ez zuela, puska batean dantzarazi zuen piztia, harik eta, berez-berez, mizto zuria isuriz otzandu zitzaion arte.
Hurrena dantzariak ekin zion. Deabruak hartua bezala, lurrean pipirika ibili zen, eta jauzika, eta txiribueltaka, eta bien bitartean erantziz joan zen. Noizbait ere larru bizirik geratu zelarik, bere tresna izter artean laztandu zuen, ahora ere eraman zuen -munduan mundu denetik gizaseme
gehienei ukatu izan zaien plazerik handienetarikoa-, eta azkenik ahuspez eta arnasestuka amaitu zuen emakumearen oinetan, haziaren hondarra ahotik zeriola.
Hurrenago printzea saiatu zen. Jauregiko harem-ean nahi hainbat emakume izatera ohitua, hura kosta ahala kosta ahalegindu zen bere aginte makila altxatzen, baina bakarrean ezin.
Azkenurrena artzaina izan zen. Honek enbor tantai bat atera zuen bere txilabapetik, emakumeak inondik ere izutzeko modukoa, eta ahuntzaren errapeetatik bezala, bi eskuez tiraka jardun zuen, esne guztia uholdeka jeztea lortu zuen artea.
Eta azkena arotza heldu zen. Gazteak emakumea lorategietara eraman zuen, azal leuneko zuen sahats bateraino. Orduan labana atera eta hiru sakonune egin zituen enborrean, bi bularren aldean eta beste besabete bat beherago. Goikoetan pikondo batetik hartutako bi ale ezarri zituen, eta behekoan txortena kendua eta erditik zulo zabal samar bat zuen sagar bat. Eta zuhaitza laztandu bitartean, pikuak eta sagarra milikatzen eta jaten hasi zen, astiro, presarik gabe, Adanek fruitu debekatua dastatu zuen lehen aldia bailitzan. Eta denbora guztian begiak itxirik izan bazituen ere, sagarrean plazerez urtu behar zuen unean, bera izan zen emakumeari begietara tinko so egin zion hautagai bakarra.

Desiozko begirakune hura jaso ondoren, emakumeak ez zuen zalantzarik egin, eta arotzari eskaini zizkion bere muinoak eta oihana, bere pikuak eta sagarra. Huraxe zen berak amestu izan zuen gazte maitekor eta jostaria, huraxe bere senarra» (Patxi Zubizarreta, Atlas Sentimentala)

No hay comentarios:

Publicar un comentario